Mozal legeari ez, informazio eskubideari bai!

Arg: kazetaritzaezdadelitua.info
Arg: kazetaritzaezdadelitua.info

“Mozal legea” bezala ezaguna den legea onartu du gaur kongresuak. Beste behin PPk bere gehiengo absolutua baliatu du horretarako. Estatu demokratiko batean hain garrantzitsuak diren adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen aurkako erasotzat hartu du gizarteak, eta ez arrazoirik gabe.

Azken urteetako mugimendu eta mobilizazioei errepresio bidez erantzun die beste behin espainiar gobernuak. Uztailean martxan jarriko den lege honek mugimendu herritarrak kontrolatzea eta partehartzaileen aurka egitea du helburu. Gustoko ez dituzten mugimendu sozialak ditu helburu, etxejabetzeen kontrako protestak edo Greenpeace bezalako erakundeen ekintzak besteak beste.

Esan bezala informazio eskubideari ere eragiten dio gaur onarturikoak. Kazetarien lana oztopatu nahi da. Lehen pausua mobilizazioei aurka egitea da eta bigarrena hauetaz informatu nahi gaituzten kazetari eta argazkilariak zigortzea. Zein uste duzue dela delitu: polizia batek bere etxea defendatu nahi duen familia bat jipoitzea ala hau grabatzea? Asmatu duzu, bigarrena. 30.000 eurorainoko isunekin zigortua izan daiteke.(Hemen zigorretako batzuk)

Informazioa jendearengana hurbiltzeko ezarri nahi diren traba hauen aurrean komunikabide desberdinen jarrerak aztertzeko modukoak dira. “Mass media” bezala ezaguna diren hedabideek badirudi ez dietela garrantzi gehiegirik eman kontuari. Honek ondoriozta dezake zein den errealitatea gerturatzeko eta ikusle, entzule edo irakurleak informatzeko duten gogoa. Bitartean hain ezagunak ez diren medioetan lan egiten duten kazetariek berain lan baldintzen alde egin dute.

Hau guztia esan eta gero, gogoratu behar da Euskal Herriak baduela Mozal legearen nondik norakoen berri. Euskaldunon Egunkariak bere garaian jasaniko erasoa da adibide garbiena. Urteak igaro diren arren badirudi istorioa ez dela amaitu. Oraingoan Topatu.info-ko Iraitz Salegiri tokatu zaio. Delitua 2013ko Gazte Danbadaren berri ematea izan da, hau da, informatzea. Hau guztia salatzeko kazetaritza duin baten aldeko mugimendu bat sortu da EHn.Kazetaritza ez da delitua lelopean.

Adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea beharrezkoak dira estatu demokratiko batean. Beharrezkoak dira gizarte hobeago bateranzko bidea egiteko. Mugimendu sozialak ez dira delitu! Kazetaritza ez da delitua!

One thought on “Mozal legeari ez, informazio eskubideari bai!”

Leave a comment